Programa ZUREKIN

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesús San Josék, gaur, Bilboko epaitegietan abian jarri berri den genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko programa pilotua aurkeztu du. “Zerbitzua abian jarriz —adierazi du San Josek— Justizia Administraziotik genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen dizkiegun arreta eta babesa oraindik gehiago indartzen ari gara”.

Atzo abian jarri zen zerbitzu berria Euskadiko Birgizarteratze Institutuko (IRSE-EBI) talde batek ematen du. Taldea psikologia, lan, eta gizarte- eta haur-hezkuntza arloetako bost profesionalek osatzen dute. Biktimak jasaten duen estres-maila minimizatzeaz, bere egoera gogorra bideratzeaz eta erakunde publikoekin eta judizialekin duten erlazioa ahalik eta egokiena izan dadin bermatzeaz arduratzen dira.

Maria Jesus San Josek ere azpimarratu du laguntza-programa horren barne ere sartuta dagoela, gurasoek/arduradunek egoitza judizialean dagozkien kudeaketak burutzen dituzten bitartean, hauen seme-alabei arreta ematea. Gainera, adingabeak prozesu judizialaren protagonista direnean, analisi bat egingo da. Analisi horrek egoitza judizialean dagozkien taldeek —talde psikosozialak eta balioespen forentseko unitateak— egiten duten miaketa osatzeko balioko du. “Biktimak sufritzen duen estres-maila ahalik eta gehien murrizteko lan egiten dugu —adierazi du sailburuak—, bere egoera txarra bideratzeko, eta erakunde publikoekin eta judizialekin duen erlazioa ahalik eta onena izan dadin bermatzeko.” 

Besteak beste, honako hauek dira ZUREKIN programaren helburu espezifikoak:

– Epaitegietan ibiltzeak biktimarengan sortzen duen antsietatea arintzea.

– Prozesuaren inguruko informazio xehatua eskainiz, biktimari egoerari aurre egiteko behar dituen tresnak ematea.

– Biktimaren epaitegirako sarrera kudeatzea, erasotzailearekin edo honen familiarekin aurrez aurre ez topatzeko babes-neurriak ipiniz.

– Itxaronaldia sozializatzea, edo sor daitezkeen ezustekoak konpontzea.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza integrala emateko programaren aurkezpenean Justizia sailburuorde Loly de Juanek eta Justizia zuzendari Ines Ibañez de Maeztuk ere hartu dute parte. Bertan gaineratu dute programa pilotu bat dela. Eta Programa horren bidez, jarduketa judizialetan laguntza integralak biktimengan duen garrantzia balioetsiko dela eta, era berean, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Zuzendaritzaren eskuduntzen esparruan gai horren inguruan politika publiko posibleak zehaztuko direla.