IRSE-EBIk DenBBora sarearekin bat egin du, “denboraren erabileren berrikuntza soziala” sustatzeko, “bizi-kalitatearen” eta kontziliazioaren alde

6 Uztaila, 2022

IRSE-EBIk ‘Denbora erabiltzeko modu berriak’-DenBBora sarearekin bat egin du. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, DenBBora sareak “denboraren erabileren Berrikuntza sozialaren” alde lan egiten du, bizitza laboral, familiar eta pertsonala hobeto bateratzeko.

Enpresek, erakundeek eta hirugarren sektoreko entitateek osatutako sare honek, “gizarte- eta lan-harremanen kultura berri bat” bultzatu nahi du, “kontziliazioari, erantzukidetasunari eta genero-berdintasunari dagokienez”.

Horretarako, “hausnarketan eta sentsibilizazioan” laguntzen du, eta elkarrizketa-foroak, lan-jardunaldiak eta topaketak antolatzen ditu. Horietan, parte hartzen duten erakundeen aurrerapenak, ekimenak eta jardunbide egokiak partekatzen eta ikusarazten dira.

Denbora hobeto kudeatzeko estrategia berriak ezartzeko arrazoien artean, sareak nabarmentzen du “emakumeak familia-ingurunearen arduradun bakarrak izatea sustatu duen gizarte- eta familia-eredua hausteko” beharra, bai eta “enpleguaren eta familiaren zaintzaren dikotomiak eta haren ondorioek emakumeen bizitzan sortzen dituzten etengabeko gatazken ondorioak” saihesteko beharra. Ildo horretan, nabarmentzen du beharrezkoa dela enpresetan eta erakundeetan emakume gehiago egotea, “gaur egun lan-merkatuan sartzeko eta irauteko egoera okerragoan baitaude”.

Gainera, DenBBora sareak “enpresa-kulturan eta kudeaketa-eredu tradizionalean aldaketa” lortzearen garrantzia azpimarratzen du, pertsonak ardatz hartuta eta haien talentuari eustea ahalbidetuz.