Zurekin, genero-Indarkeriaren Biktima diren emakumeei arlo judizialean laguntza integrala emateko programa pilotua

21 Otsaila, 2020

Zurekin programa Lan eta Justizia Sailak bultzatzen duen eta Euskadiko Birgizarteratze Institutuak (IRSE.EBI) kudeatzen duen programa pilotua da, eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei jarduera judizialetan laguntza integrala ematea du helburu.

Zurekin programak lotura estua du Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarekin; azken zerbitzu horrek ebaluatzen baitu laguntza egokia den, eta, hala badagokio, Zurekin programa aktibatzea ahalbidetzen du.

Emakumeei laguntza integrala ematea prozedura judizialaren inpaktu emozionala arintzeko teknika eta tresna bat da, eta aukera ematen die emakumeei estres gutxiagorekin eramateko zenbait esperientzia (zitazioak, izapideak, agerraldiak…).

Azken batean, helburu orokorra zera da: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek (eta haien seme-alabek ere, izanez gero) ahalik eta baldintza onenetan jo dezaten Justizia Jauregira, eta ahalik eta estres gutxiagorekin, hara jo behar izanez gero prozedura judizial batean parte hartu behar dutelako egin beharreko egintzaren baten bidez (deklarazioak, Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitatera edo Talde Psikosozial Judizialera egin beharreko bisitak, eta abar). Izan ere, halakoetan, estres-iturri izaten dira, besteak beste, testuinguru horren gaineko ezjakintasuna, figura judizialak, biktima eta biktimarioa eraikin berean edo inguruetan egon daitezkeela pentsatzea, terminologia juridiko eta judiziala nahasiak eta ilunak izatea… Azken batean, sortzen den ziurgabetasuna, ezezaguna eta aldi berean haien etorkizunerako hain garrantzitsua denaren aurrean.