EISE Otxarkoaga, ‘Praktika onak: Euskaraz’ jardunaldiko partaide
IRSE-EBIko EISE Otxarkoaga zentroak bertan euskararen normalizazioaren alde egin den lana aurkezteko aukera izan zuen Basque Pro-k, Euskaraz-en eskutik, antolatolatutako ‘Praktika onak: Euskara’ jardunaldi telematikoan. Bertan, Izaskun De la Rua zentroko langileak eta IRSE-EBIko Euskara Batzordeko kideak Otxarkoagan egindako hizkuntza-planteamenduaren nonik norakoak azaldu zituen eta, gainera, euskararen erabileraren normalizazio bidean industriako, gizarte-ekintzako eta justizia arloko esperientzia gehiago ezagutzeko aukera izan zuen.
2015etik eta gaur egunera arte, EISE Otxarkoaga zentroan erabateko aldaketa bat bizi du euskararen erabilerak, izan ere, gaztelaniak nagusitasun nabarmena daukan gune bat da hau. Orduan, erakundeak bere lehenengo Euskara Plana martxan jarri zuen, Emun Kooperatibaren eskuz, hizkuntzaren erabilera aztertuta, eta hainbat izan ziren ateratako ondorioak; esate baterako erabiltzaileei euskaraz aritzeko aukera emateak garrantzi handia zeukala. “Garbi dugu familiak eta adingabeak euskarara hurbilduta aukerak handitzen zaizkiela bizitza duina izateko. Horregatik, ezinbestekoa iruditu zitzaigun gure langileen artean euskararen erabilerari bultzada bat ematea, honela erabiltzaileek euskara erabiltzeko aukera izan ahal izateko”, adierazi zuen De la Ruak.
Geroztik, hainbat izan ziren EISE Otxarkoaga zentroko langileek martxan jarri zituzten dinamikak, EMUN kideekin elkarlanean, haien artean euskararen erabilera sustatzeko: bazkaltegiak, EUSLE metodologiaren erabilera, ulersaio eta ulerrizketak, Euskararen Eguna ospatzea, egutegiak euskaraz jartzea, kartel elebidunak egitea, Euskaraldietan parte hartzea eta abar… Honetarako, De la Ruak jardunaldian azaldutakoaren arabera, oso garrantzitsua izan zen EMUNeko profesionalen laguntza, izan ere, “gure aukeretatik, errealitatetik, nahietatik eta beharretatik abiatzea gakoa izan da”.
Gaur egun, EISE Otxarkoagak erabiltzen duen lan-metodologiak guztiz barneratuta dauka euskaraz aritzea. Bertoko lanerako protokolo berriak erabiltzaileei euskaraz edo gaztelaniaz atenditzea nahi duten galdetzea ezartzen du eta, era berean, telefonoz lehenengo hitza euskaraz egitea eta hizkuntza-paisaia (kartelak, oharrak…) elebitan jartzea eta abar luze bat. Amaitzeko, Otxarkoagako zentroko langileak gizarte-hezkuntzan euskararen erabilerak bizi duen egoera aztertu zuen, orokorrean eta, esate baterako, Bilbon giroa ez dela oso euskalduna adierazita. Hala ere, De la Ruak arlo honetan euskarak daukan garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, “familia eta adingabeekin egiten ditugun esku hartzeetan gure tresnetako bat da”.