Babesa

Heziketa zentro espezializatuak

Aiako (Gipuzkoa) Iturriotz-Azpi egoitza baliabidea —jarrera arazo larriak dituzten nerabeei babes trinkoa ematean espezializatuta dagoen programaren baitakoa—, eta Irungo (Gipuzkoa) Azpilikueta egoitza baliabidea jarrera arazo larrietarako programa espezializatuan daude txertatuta, eta bi-biak dira Gipuzkoako egoitza harrerako baliabideen sarekoak. 2013ko irailaz gero, IRSE-EBIk kudeatzen ditu, administrazio kontratu bidez.

Oinarrizko heziketa zentroak

Eibarko (Gipuzkoa) Matsaria 1 eta Matsaria 2 heziketa zentroak IRSEk kudeatzen ditu 2015eko ekainaz gero, eta egoitza harrerako oinarrizko programaren baitakoak dira.

Intxaurrondo, Berio eta Katalina Eleizegi (Donostia), bestalde, 2016ko otsailaz gero kudeatzen ditu, hitzarmen bidez, eta horiek guztiak ere egoitza harrerako oinarrizko programaren baitakoak dira. Hiru baliabideak Donostiako auzoetan daude kokatuta, izenek aipatu bezalaxe.

Erriberako eguneko zentroa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurrak Babesteko Zerbitzuarentzat egoitzazkoa ez den eguneko arretarako pentsatutako erakundea da. Ez dator zehazki bat eguneko zentroa kontzeptuarekin; izan ere, esku hartzea nerabe bakoitzaren eta haren familia zein gizarte ingurunearen ezaugarrietara egokitzeko printzipioan dago oinarrituta. Arreta profesionalak uztartu egiten ditu Zerbitzuaren espazio fisikoaren baitako ekimen kasuak eta kanpoan kokatutako beste batzuk, erabiltzaile bakoitzaren ingurune errealean, eta, hala, kasu bakoitzaren errealitatean oinarrituta jarduteko eta hortik laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuko ditu kasu guztiak, eta aurretiko arreta proposamen batekin iritsiko dira zerbitzura, lehenengo 28 arreta egunetan ekimen modalitate jakin bat diseinatu ahal izateko. 13-18 urte arteko nerabeei eskainiko zaie arreta. Era horretan, zerbitzua egoera jakin bakoitzera egokituko da, esku hartzea datozen ataletan azalduko ditugun parametro zehatzen arabera indibidualizatuz.

* Zerbitzu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Harrerako Atalean dago erregistratuta.

Gurasoak programa

Programa honen helburua da, zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean dauden ama nerabeek hezkuntza proiektuarekin aurrera jarraitzeko aukera izatea, egoitza baliabideren batean, eta euren seme-alabagandik bereizi behar izan gabe. Haurrak, hartara, amaren zaintza, maitasuna eta babesa jasoko du. Amek hezkuntza laguntza izango dute, une horretan amak eskaini ezin dituen premiak asetzeaz gainera, semearen edo alabaren zaintza egokirako beharrezkoak diren guztiak emateko.

Helburua da ama nerabe horiek pixkana-pixkana dagozkien ama funtzioak hartzen joatea, aldez aurretik heziketa taldeak laguntza emanda eta lana eginda. Programa ebaluatuko da, helburuak zenbateraino betetzen diren ikusteko, eta programaren eraginkortasuna, eragina eta bideragarritasuna aztertzeko. Hala, informazio baliagarria emango da, programaren hobekuntza bilatuko da, esperientziei etekina aterako zaie etorkizuneko jardueretarako, eta programaren emaitzei buruzko erantzukizuna bilatuko da.

* Zerbitzu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Harrerako Atalean dago erregistratuta.

Neurrien jarraipenerako programa, Intxaurrondon

Helburuen artean, nabarmentzekoak dira hauek: GFAren babespean dauden adingabe guztien neurri judizialei jarraipena egitea, uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuan xedatutako gidalerro guztiak betetzen direla bermatzea —gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituena—, zerikusia duten erakundeen (GFA eta EJ) eta horietako zerbitzuen arteko koordinazio egokia bermatzea, eta zerbitzuan harrera egin zaien adingabe guztientzako ongizate eta garapen handiagoa ahalbidetuko duten estrategiak eta ekintzak eragile guztiekin adostasunean abiaraztea. Gazte justiziako sistemarekin koordinazioan, adingabeekin gizarte eta hezkuntza arloko esku hartze integral batean oinarrituko da arreta, eta helburua izango da materialki, afektiboki eta hezkuntzaren eremuan dauzkaten premia guztiak asetzeko modua ematea.

* Zerbitzu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egoitza Harrerako Atalean dago erregistratuta.