IRSE-EBIk kudeatutako indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei berehalako harrera egiteko foru zerbitzuak bere plazak handitu ditu 15etik 24ra; horrek esan nahi du % 60 handitu dela zerbitzura adingabeekin edo mendeko pertsonekin etor daitezkeen emakume biktima horiei larrialdiko arreta emateko gaitasuna.

Azken ekitaldietan indarkeria matxistaren biktimei berehalako arreta emateko foru zerbitzu honek 200 pertsona inguru hartu ditu urteko, kasuistikaren arabera aldatzen diren baina batez beste hiru aste ingurukoak izaten diren egonaldi laburretan.

Zerbitzua Euskadiko Birgizarteratze Institutua – IBI elkartearekin egindako hitzarmen bati esker kudeatzen da, bi urterako itunen bidez, 2,14 milioi euroko inbertsioarekin.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak, adierazi duenez, “gero eta zailtasun gehiagorekin datozen emakumeak dira”, eta, horri aurre egiteko  “euren bizitza berregin ahal izatea bilatzen da, bizirik atera direlako eta askatasunean bizitza duina izateko aukera merezi duten emakume oso ausartak direlako”.

Berehalako harrera-zerbitzu honetatik igaro ondoren, emakume horietako batzuk, euren kargura dituzten pertsonekin batera, Aldundiaren beste zerbitzu eta programa batzuetara igaro daitezke, bai eta euren etxeetara edo familia-inguruetara itzuli ere, kasuaren arabera.

Berehalako harrera-zerbitzuak kasuen balorazioa, diagnostikoa, orientazioa, larrialdiko ostatua, esku-hartze psikosoziala eta sozioedukatiboa eskaintzen ditu, bai eta gizarte-laguntza ere, betiere emakume horien ahalduntzearen ikuspegitik eta genero-ikuspegi argiarekin.

2018an 209 pertsona artatu ziren zerbitzuan, 2019an 198 eta 2020an 191 pertsona (105 emakume, 82 seme-alaba – ez guztiak adingabeak – eta lau mendeko heldu). Azken urteotan nabarmen egin du gora zerbitzuaren onuradunak diren emakume horien seme-alaben kopuruak.